XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EKIALDEKO EUROPA BAKAR BAT ALA BATZUK?

Orain laburki deskribatuko dugun Ekialdeko Europa, Bigarren Mundu Gerraz gero horrela deitutako kontzeptu geopolitikoa da.

Sistema politiko-ekonomiko komunista izan dutelako deitu zaio horrela, nahiz eta geografoek hitz horiekin esan nahi dutena neurri batean baino adierazi ez.

Horregatik analisi honetan Erdialdeko Europari dagozkion estatu batzuk (Hungaria, Polonia, Txekoslovakia) sartu dira eta Grezia (Mendebaldean txertaturik dagoelako) nahiz garai bateko SESB-eko (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko) Europako aldea (Lituania, Estonia, Ukrania,..) kanpoan utzi ditugu.

Erdialdeko Europan gehienbat hizkuntza eslaviarrak mintzatzen dira.

Bostetik hiru eslaviarrak dira eta garai bateko SESB-eko 200 milioi eslaviarren ondoan daude.

Beren historia konplexuaren ondorioz, kultura desberdinetako inperioen barnean egon dira mende luzetan, hala habsburgtarren inperioaren, nola otomandarren inperioaren barnean.

Politikoki inguruko mendebaldeko eta ekialdeko potentzien menpe egonagatik, azkenaldiko historiak izandako gorabeherengatik eta bi mundu-gerren ondorengo muga-aldaketengatik, gaur egun arazo asko dituzte, nahiz eta oraindik gerra piztuarazi dutenak Jugoslavian baino gauzatu ez.

Historiaren aldi batean edo bestean Estatu nazionalak eratu nahi izan dituzten biztanleria homogenoen ondoan, migraziotan bertan ezarritako sustrairik gabeko herriak (armeniarrak, buhameak, juduak) eta muga-aldaketagatik nahiz derrigortutako migrazioengatik bereizita geratutako gutxiengoak daude.